dimarts, 4 de febrer del 2014

"Gure prozesuak bakanak direla sinetsarazi nahi digute Rajoyk eta Cameronek"

Anna Arque i Solsona, Kataluniako Kontsultaren aldeko Koordinakunde Nazionaleko kidea (Lleida, Katalunia, 1972).
Independentziari buruzko lehen galdeketa egin zenuten Arenys de Munten 2009ko irailaren 13an. Espero al zenuten orduan arrakastaz arrakasta gaurko egoerara heltzea?
Ikusi genuenean zenbat jende zegoen bozkatzeko zain, bai, hasi ginen pentsatzen zeozerren hasiera izango zela. Kontuan hartu Espainiako Estatuaren mehatxua izan genuela, eta zarata handia egin zutela Espainian. Egun horretan pentsatu genuen koordinakunde bat sortzea. Guk autodeterminazioaz bozkatzeko herri proposamena aurkeztu genuenean Kataluniako Parlamentuan galdetzea eta talde guztiek ezetz bozkatu zuten. Hori bai ez genuela espero. Baina, azkenean, udaletara bidali genuen, eta Arenys de Muntek jaso zuen. Ezin duzu inoiz esan zelako eragina izango duen, baina argi erakutsi genuen posible dela, barruko eta kanpoko politikarien, erakundeen edo Estatuaren ezetzaren aurretik, herriaren baietza dagoela. Hau da, burujabetza gure esku dago [euskaraz dio]. Burujabetzaren ariketa praktikoa izan zen.
Hitzetik hortzera dabil honako aurreikuspena: Espainiak azaroaren 9ko erreferenduma galaraziko du; ondoren, Generalitateak hauteskunde plebiszitarioetara deituko du; eta horietatik ateratako Parlamentek independentzia deklaratuko du. Horrela izango al da?
Inolaz ere ez. Hasteko, Espainiako Estatuak azkenean erreferendum ofizialaren kontra egiten badu, bere arazoa izango da. Hark azaldu beharko dio nazioarteari zelako arrazoiak dituen demokraziaren ariketaren aurka egoteko, Legebiltzarraren eta gizartearen gehiengoak eskatzen duenean. Azaldu beharko du zein arazo duen eskubide unibertsalen ariketarekin, autodeterminazio eskubidearena kasu. Bigarrenez, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpena dugu: gehiengoaren nahia konstituzio batek baino indar gehiago duela, konstituzioak gehiengoaren nahia jasotzeko daudelako. Espainiako Konstituzioa gau batean aldatu zuten, defizit muga jaisteko. Beraz borondate politikoa egonez gero, Espainiako Konstituzioa ez lizateke arazo. Guk, ordea, Kataluniako eta nazioarteko legediaren arabera jokatu behar dugu.
Hori al da, ordea, alderdi nagusiek egin asmo dutena?
Alderdi bat nazionalista izateko, nazioa garela defendatu behar duela ulertzen dugu. Esaten duguna benetan sinesten dugula munduari erakusteko modua nazio gisa aritzea da. Beraz, Espainiako Estatuaren kontrakotasunaren aurrean, inoizko aukerarik hoberena dugu munduari erakusteko ez garela autonomia huts bat, nazioa garela dakigu eta estatu independentea izatea bozkatzeko eskubide osoa dugu.
Zergatik da txarra hauteskunde plebiszitarioaren aukera?
Hauteskunde plebiszitariorik ez dago; eufemismo bat da, autonomikoak lirateke.  Mentalitate autonomista dutenek erabakitzen badute baimenik ez dagoenez ezin dela erreferendumik egin eta hauteskunde autonomikoak antolatzen badituzte, zer uste dute, erreferendumaren aldeko %85eko sostengua izanda ere hura antolatzeko gauza ez badira, berriz bozkatuko diegula? Zer egiteko, %85eko sostengua izango ez duen independentzia deklarazioa egiteko? Erreferendumak ez bezala, nazioartekoaren sostengua ez duen alde bakarreko independentzia deklarazioa egiteko? Horrek ez du zentzurik.
Erreferenduma egingo dela uste duzu, orduan?
Horretarako ari gara lanean. Argi izan behar dugu: Espainiak ezetz esaten duen unean, atzerapauso bat bera ere ez. Ez badugu egiten, zer pentsatuko du munduak? Nazio bat garela diogu, eta gauzatzeko unea heltzen denean, «ez digute uzten» esango dugu?
Alderdiak gaiari heltzera behartu dituzue. Orain zein da herritar mugimenduen eginkizuna?
Politikariek, orain, denboren kudeaketa dute eskuetan. Gure ustez, denborak ez dira luzatu behar, eta gure eginkizuna da ziurtatzea erreferenduma egingo dela, eta beste aukerarik ez onartzea. Orain Bruselarako manifestazioa prestatzen ari gara, martxoaren 30erako. Ez autodeterminazio eskubidea eskatzeko —hori berez dugu— baizik eta hura gauzatzeko. Flandriarrekin eta eskoziarrekin joango gara. Eskoziatik galdetu egiten didate Mariano Rajoy eta David Cameronez. Jakina, geure prozesuak aurrera ateratzea nahi ez dutenek elkarrekin lan egiten dute. Horretarako duten tresnetako bat da guri sinetsaraztea geure prozesuak bakanak direla. Beraiek sinergiak eta estrategiak partekatzen dituzte, baina geuri ukatu nahi digute hori egitea. Europarrak gara eta milioika katalan zein euskalduni eskubideak ukatzea, bidegabekeria da beste europar guztientzat. Autodeterminazio eskubide unibertsala bortxatu nahi dute Europako lurraldean, eta Martin Luther Kingek esan zuen bezala, "bidegabekeria, edozein bazterretan, mehatxua da justiziarentzat, edonon".
Zatiketa aipatu duzu. Zer deritzezu Euskal Herritik Eskozian eta Katalunian zer gertatuko den ikusteko zain daudenei?
Kontraesana da: ez dute elkarrekin lan egin nahi, baina elkarri begira daude, zer gerta ere. Gai oinarrizko eta funtsezkoez ari gara, hiritarroi egunero eragiten digutenak, eta ez da ulertzen zain egotearena. Politikariak beti partida goitik ikusten bezala daude, estrategia eta taktika baloratzen bezala. Nola egon, bada, justiziaren, duintasunaren eta oinarrizko eskubideen zain. Ezin duzu askatasuna atzeratu.
Apirilaren 13an egingo da Euskal Herrian lehen herri galdeketa, Etxarri-Aranatzen. Zuen mugimenduaren pareko baten hasiera izango da?
Hala izango da euskaldunek horrela ulertzen badute, eta udalak hasten badira erreferendumak antolatzen. Guretzat mugarri izan ziren. Erreferendumen aurretik jendeak ez zuen adierazten independentzia nahia —sentitu arren— ez zutelako horretarako giro positibo, transbertsal eta hiritarrik. Ondoren hasi ziren estatistikak gehiengo independentziazalea agertzen. Zer esan nahi du horrek: lehen ez zirela independentziaren aldekoak; nire ama ez zegoela alde? Bai, baina ez zuten adierazten. Lehen independentzia ametsa, utopia edo norbere baitako sekretua bazen ere, galdeketetan batbatean nahia kolektiboa bihurtu zela ikusi zuen jendeak. Asanbleatan herritarrek esaten zuen: hara, goiko bizilaguna! Hara, nire lehengusua! Adina, ideologia, lanbide ezberdinekoak elkartu ziren eta independentziazaletasuna gauza positibo bihurtu zen. Euskal Herriarentzat ere kutsatze mekanismoa ona litzateke, jendeak jendearentzat egiten duelako. Horrek jarri zituen politikariak tente.

Berria

Leer más »